Edukira joan

Castra

Wikipedia, Entziklopedia askea
Castrum» orritik birbideratua)
Templeborough-ko castruma, Ingalaterra. Rotherham Museums and Galleries museoaren bideoa.
Castrum baten hondarrak, Israelen

Castra (castrum, singularrean) Antzinako Erromatar garaiko gotorlekua zen. Erromatar idazleek castra (pluralean) erabiltzen zuten eta gaur egungo literatura zientifikoan ere castra izena erabiltzen da.

Erromatarrek castrum eta castra terminoak kanpaleku mota desberdinetarako erabiltzen zituzten, hala nola, gotorleku legionario handietarako (Limesetan egon ohi zirenak), kohorteek edo indar laguntzaileek (auxilia) erabiltzen zituzten gotorleku txikiagoetarako, aldi baterako kanpamentuetarako eta "kanpainan" egun batzuetarako altxatzen ziren babesetarako.

Castellum forma, castrum izenaren txikigarria, gotorleku txikiak aipatzeko erabili zen; zalditeriaren edo infanteriaren destakamentu bat geratzen zen bertan[1]. Limesetan, tarteka zeuden dorreak ere horrelakoak izan ohi ziren eta zaintzarako erabiltzen ziren. Azkenik, akueduktu bateko dorrea aipatzeko erabiltzen zen.

Kanpaleku egonkor handienak plaza indartsu bihurtu ziren. Harrizko harresiak eta dorreak zituzten, eta barrutik lau zatitan banatzen ziren, bi bide perpendikularrez markatuak. Bainugela, bilera-gela, kaperak, bulegoak, kartzela, ospitalea eta biltegiak zituzten. Merkatariak, artistak, prostitutak eta beste zibil asko beren inguruetara joaten ziren eta hiri-pilaketak eratzen ziren, canabae deritzonak eratuz. Batzuetan, benetako herriak osatzen ziren inguruan, bere erakinekin eta administrazioarekin. Kasu horretan, vicus bati buruz hitz egiten da. Biztanle zibilekin hazten ziren finkaleku horietan, bainu-etxeak, anfiteatroak eta beste eraikin publiko egon zitezkeen. Soldaduen emaztea eta haurrak bertan bizi zitezkeen, eta jurisdikzio militarra izaten zuten. Inguruko lurrak ganadurako larretzat erabiltzen ziren, eta horiek inguruko nekazariei alokatzen zitzaizkien.

Ezaugarri arkitektonikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Defentsa lerroak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Perimetroak lauki forma izan ohi zuen, izkina biribilekin. Harrizko harresiak perimetroa inguratzen zuen kanpamendu iraunkorretan, eta lurrezko ezponda batek inguratzen zuen. Beti egoten ziren defentsarako osagaiez inguratuta, gutxienez, agger (lubeta edo ezponda) bat, fossa (lubakia, lubanarro) bat eta vallum (oholesia) bat. Vallum hitza bera defentsa lerro osoa deskribatzeko erabiltzen da, nahiz eta jatorrian, zurezko oholesia izan.

Erromatar behin-behineko harresi baten aurreko fossa, agger-a eta vallum-a. Alesiako erromatarren circumvalatio-aren berreraikuntza. Ez da castra bat, baina castraren defentsa perimetralaren osagai gehienak errepikatzen ditu.

Barruko antolakuntza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Erromatar kanpaleku militar baten diseinu ideala, beti aplikatzen ez zena. * 1: Principia * 2: Via Praetoria * 3: Via Principalis * 4: Porta Principalis Dextra * 5: Porta Praetoria (ate nagusia) * 6: Porta Principalis Sinistra * 7: Porta Decumana (atzeko atea)

Kanpamenduak beti eredu zehatz baten arabera eraikitzen ziren: laukizuzen forma zuten, izkinak biribilak zituzten eta elkar gurutzatzen zuten bi pasabide nagusi zituzten: Via praetoria (pretorioaren kalea) eta Via principalis (principia-ren, hau da, agintaritzaren eraikinak edo karpak jartzen ziren eremuaren kalea). Hirietan antzerako antolaketa erabiltzen saiatzen ziren, horrelako bi kale nagusi jarriz: Cardus Maximusa, iparraldetik hegoalderako egiten zen, eta Decumanus Maximusa, ekialdetik mendebaldera, kanpamendua lau zati berdinetan banatzen zutenak. Via Praetori bi ataritan amaitzen zen: Porta praetoria (pretorioaren atea) ate nagusia zen, eta Porta decumana, atzeko atea.

Martxako kanpaleku erromatar baten eskema
Martxako kanpaleku erromatar baten eskema, Polibiok K.a. II. mendean deskribatu zuen bezala.

Gainontzeko kale eta eraikinak bi etorbide nagusiei buruz paraleloak ziren: horiek hirietan erabiltzen saiatzen ziren lauki patroi bat eratzen zuten.

Dioklezianoren kuarteleko Principia-ko hondakinak, Palmiran.

Lau kanpaleku militar mota nagusi zeuden: kanpaleku edo gotorleku egonkorrak (castra stativa)[2], udako kanpaleku edo gotorlekuak, denbora laburrekoak izan ohi zirenak, eta udaran eraikitzen ziren gehienbat, gerra udan egiten zelako (castra aestiva)[2], neguko kanpalekua edo gotorlekua (castra hiberna) eta itsas kanpalekua edo gotorlekua (castra navalia / castra nautica). Castra stativa asko zeuden inperioaren mugetan, limesetan. Ohikoa zen halaber horien inguruan bertakoen eta merkatarien herrixkak osatzea (vicus). Horren adibide dira, besteak beste, Alemaniako Saalburgekoa, gaur egun Viena hiria dagoen lekuan eraiki zuten Vindobona edo Ingalaterra iparraldeko Vindolanda.

Euskal Herrian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian castra eta kokagune militar batzuk daude, hala nola, Santa Ageda, Delikan; Castrillo, Lahozen; Gaubean;[3] Illunzar Bizkaian; Karakate mendikoa eta Euletxara mendiakoa Leaburun, Gipuzkoan; Atxa, Gasteizen; Gazolatzen;[4] eta Arangurenen, Nafarroan. Alliden, Ibirikun, Nafarroan, bidea gordetzeko postu militar txiki bat aurkitu da.[5]

Castrumaren eredua hirigintzan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europako zenbait herri erromatarren kanpamendu militarretatik sortu ziren, eta, egundaino, euren jatorrizko ereduen ezaugarriak dituzte (Castres Frantzian eta Bartzelona Katalunian, Espainian, adibidez).

Castruma Amerikako espainiar kolonoek erabilitako ereduaren oinarria izan zen, zazpi auzoko "taula" alde bakoitzeko ehun metrokoa, Arma Plaza batekin erdian, ibai eta muino defendagarri batetik gertu, Mundu Berrian hiri berriak sortzeko espainiar monarkiak ezarritako arau zorrotzak jarraituz.

Eragina hizkuntzan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ingalaterrako herri eta hiri askok oraindik mantentzen dute castra hitzaren aldaeraren bat euren izenetan. Lancaster, Manchester eta Chester dira adibide batzuk. Alemaniaren kasuan, Xanten izango litzateke adibiderik ezagunena.

Castrum hitza Europako beste hizkuntzetara pasa zen, izen horren txikigarria castellum hitzaren bidez, zehazki. Batetik, euskaraz gaztelu[6], gaztelaniaz castillo[7], ingelesez castle eta frantsesez château[8] eman zituen, besteak beste. Besterik, castrum hitzak castro eman zuen gaztelaniaz, castre katalanez, eta castro galegoz, muino baten tontorrean harresi zirkular baten bidez inguratutako gaztelu baten antza duen Burdin Aroko bizitoki gotortua da, hain zuzen.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Vegetius, Epitoma rei militaris, 3.8. (Gaztelaniaz irakurgai) (Frantsesez irakurgai)
  2. a b (Gaztelaniaz) «CASTRAMETACIÓN ROMANA II. CAMPAMENTOS PERMANENTES» Viapraetoria 2009-06-29 (kontsulta data: 2023-05-21).
  3. (Gaztelaniaz) Martínez Velasco, Antxoka. (2010). «El campamento romano de Castrillo, en Lahoz (Valderejo, Araba). Avance a su estudio» Nivel 0 12: 89-96..
  4. Velasco, Antxoka Martínez; Otxandorena, Mikel Argandoña; Otxandorena, Pedro Argandoña. (2019). «El campamento romano (castra aestiva) de Gazólaz (Navarra)» Munibe Antropologia - Arkeologia (70): 251–270. ISSN 1132-2217. (kontsulta data: 2023-02-18).
  5. Martínez Velasco, Antxoka. (2009). «El puesto militar romano de Allide (Ibiricu, Navarra). Prospección 2008» KOBIE (Serie Paleoantropología) (Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia) 28: 233-246. ISSN 0214-7971..
  6. Omaetxebarria, IgnazIo. (2016). Euskara barrutik. Estudios de lingüistica vasca.. Euskaltzainak bild. Euskaltzaindia. ISBN 9788494321153..
  7. (Gaztelaniaz) Diccionario de la lengua española. RAE.
  8. «CHÂTEAU : Etymologie de CHÂTEAU» www.cnrtl.fr (kontsulta data: 2023-02-18).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]