PIDE
| PIDE | |
|---|---|
| Datuak | |
| Izen ofiziala | Polícia Internacional e de Defesa do Estado |
| Mota | Isilpeko polizia eta political police (en) |
| Herrialdea | Portugal |
| Jarduera | |
| Enplegatuak | 3.200 (1968) |
| Agintea | |
| Lehendakaria | Agostinho Lourenço (en) |
| Egoitza nagusi | |
| Jabea | Portugalgo Gobernua |
| Historia | |
| Sorrera | 1945eko urriaren 22a |
| Ordezkatzen du | State Surveillance and Defense Police (en) |
| Desagerpena | 1969ko azaroaren 24a |
PIDE edo Polícia Internacional e de Defesa do Estado (euskaraz: «Nazioarteko eta estatuaren defentsarako polizia») Portugalgo Bigarren Errepublikaren isilpeko polizia izan zen. Estado Novo izeneko garai hartan, gehienean António de Oliveira Salazarren agindupean, PIDE errepresio tresna bortitza eta kriminala izan zen, edozein oposizio politikoren aurka aritzeko. PIDEren izen ofiziala 1945etik 1969ra erabili zen; dena dela, izena erregimen osoaren polizia politikoari zegokion.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hasierako urteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]PIDEren jatorria 1933 urtean bilatu behar da, urte hartan, Estado Novo edo Portugalgo Bigarren Errepublika ezarri baitzen[1] Salazarren agindupean, PVDE (Polícia de Vigilância e Defesa do Estado, hots, "Estatuko zaintza eta defentsa polizia") sortu zen. Erakunde horrek bi sail zituen:
- Gizarte eta politika saila: helburu errepresiboa zuen: oposizioko alderdien aurka aritzeko, zentsura ezartzeko...
- Nazioarteko saila: inmigrazioa, deportazioak, isilpeko zerbitzuak eta Inteligentzia zerbitzuak.
1936an, Cabo Verden, lehen kontzentrazio-esparrua eraiki zen, Tarrafalgoa. PVDEren kontrolpean bertara Erregimenaren ikuspuntutik arriskutsuenak omen ziren preso politikoak eraman zituzten. Lau hamarkadatan, Tarrafalen gutxienez 32 pertsona hil zituzten, asko torturapean: esparru hori "heriotza geldoaren esparrua" gisa ezagutzen zen. 1936 eta 1937 urteetan, Espainiako Gerra Zibilarekin batera, errepresioa gogortu egin zen, are gehiago gaizki atera zen Salazarren aurka anarkistek prestatutako atentatuaren ondoren. Errepresio horren helburua bereziki Partido Comunista Português alderdia izan zen.
Bigarren Mundu Gerrarekin, PVDEk Gestaporen laguntza jaso zuen. Portugalen Alemaniako eta Italiako instruktoreak aritu ziren, Salazarren erregimenari laguntzeko asmoz.[2]
Izen aldaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1945an, PVDEa desegin eta PIDEk ordezkatu zuen,[3]. Une horretatik haien eredua Scotland Yard izan omen zen, baina eredu errepresiboa utzi gabe. Itxuraz botere judizialaren polizia zen. PIDE; PVDE bezala, bi sail zituen:
- funtzio administratiboak, inmigrazio zerbitzuak barne, eta
- funtzio kriminalak, errepresioa eta estuaren seguritatea.
PIDEk, bere lan errepresiboetan, eraginkortasun handia lortu zuen. Ezkutuko ziegak Portugal osoan zituzten, oposizioko taldeetan (ezkertiarrak zein Afrikako herrialdeen independentziaren aldekoak) infiltratu ziren. Zibilen artean, salatari asko zituen, bufos ezizenaz ezagutzen zirenak eta, horien bitartez, eguneroko bizitza kontrolatu zuten. Milaka portugaldarrak atxilotu eta torturatu zituzten. Afrikako portugaldar kolonietan gerra zabaldu zenean, PIDEren errepresioa gogortu egin zen. Dena dela, espezialisten ustez, inoiz ez zuten Espainiako frankisten errepresio mailarik lortu.
Aldaketaren itxura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1969n, Marcelo Caetanok Salazar ordezkatu zuen eta PIDEri izena aldatu zion: Direção-Geral de Segurança edo DGS. Aldaketari itxura demokratzailea eman izan zitzaion.[4]
Bukaera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]PIDEren bukaera Krabelinen Iraultzarekin heldu zen, 1974ko apirilaren 25ean. PIDE/DGSren egoitza Lisboan diktaduraren aldekoen azken erresistentzia lubakia izan zen. Altxamenduarekin batera, milaka manifestarik António María Cardoso kaleko egoitza inguratu zuten. Han salatarien eta isilpeko agenteek babesa aurkitu zuten: jendearen aurka tiroz hasi eta lau manifestari hil zituzten. Egun berean, polizia gorrotatu hura desegin zen.[5] Horren ondorioz, PIDEko partaide askok Espainiara ihes egin zuten. Artxibo asko erre egin ziren, frogak desegiteko. Portugal osoan jendea bufo izandakoen atzetik ibili zen. Salbuespena kolonietan izan zen; han PIDEren egitura beste izen batekin gorde egin zen: Militar Informazioaren Polizia.[6]
Demokrazian PIDEren kide batzuk zigortuak izan ziren. Jose Silva Pais, PIDEren azken nagusia, Humberto Delgado oposizioko burua hiltzeagatik epaitua eta espetxeratua izan zen; 1980an aske utzi zuten eta handik urte betera hil. Kausa berean beste batzuk in absentia zigortuak izan ziren baina, gaur arte, ez dute zigorrik bete.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Gil Ferreira, Hugo y Michael W. Marshall (1986); Portugal's Revolution: Ten Years On, 15 or.
- ↑ Lewis, Paul H. (2002). Latin Fascist Elites: The Mussolini, Franco, and Salazar Regimes, Greenwood publishing group, 146 or.
- ↑ Palmer, Darren; Michael M. Berlin, Dilip K. Das (2012); Global Environment of Policing, 87 or.
- ↑ Palmer, Darren; Michael M. Berlin, Dilip K. Das (2012); Global Environment of Policing, 88 or.
- ↑ Gil Ferreira, Hugo eta Michael W. Marshall (1986); Portugal's Revolution: Ten Years On, 34 or.
- ↑ Gil Ferreira, Hugo eta Michael W. Marshall (1986); Portugal's Revolution: Ten Years On, 186-253 or.