Sentinelera
| Sentinelera | |
|---|---|
| Datu orokorrak | |
| Lurralde eremua | |
| Eskualdea | Ipar Sentinel uhartea |
| UNESCO sailkapena | 5: arrisku kritikoan |
| Alfabetoa | baliorik ez |
| Hizkuntza kodeak | |
| ISO 639-3 | std |
| Ethnologue | std |
| Glottolog | sent1241 |
| UNESCO | 1363 |
| IETF | std |
| Endangered Languages Project | 5420 |
Sentinelera Indiako Ipar Sentinel uharteko sentineldar aborigenek hitz egiten duten sailkatu gabeko hizkuntza ezezagunari eman zaion behin-behineko izena da. Oso gutxi ezagutzen da sentineldarrei eta euren hizkuntzari buruz; izan ere, bere oldez gainerako mundutik erabat bakarturik bizi dira eta uhartea pertsona arrotzengandik babesten dute.[1]
Sentinelera galzorian dagoen hizkuntzatzat hartzen da uharteko biztanle kopuru apala dela eta.[2]
Sailkapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Uste da uhartetarrek hizkuntza bakarra hitz egiten dutela eta hori andamandar hizkuntza familiakoa izan litekeela. Inguruko beste lurraldekin aurkitu diren kultura eta teknologia antzekotasunak oinarri hartuz, jarawa hizkuntzaren ahaidea izan litekeela irizten da. Hala ere, jarawazko hitzak eta keinuak erabiliz sentineldarrekin harremanetan jartzen saiatu ziren bi espediziok huts egin zuten, hauek ez baitzieten hitzik ulertu.[3]
Lexikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sentinelerazko hitz bakar bat ere ez da ziurtasunez ezagutzen, eta erregistratutako hitz bakarrak gaga (kokoa) eta laha (eman) dira. Hala ere, pertsona-izen bat egiaztatu da: Dāūwacho-chégálé-bāī, Maurice Portmanek jaso zuena. «Urte batzuk lehenago Ipar Sentineletik kanoa batean alde egin eta, Rutland uhartetik, Cinque uharteetara eta Andaman Txikira iritsi zen» sentineldar gizon baten izena zen.[4]
Sentineleraren lexikoari buruzko informazio gehiago M. Sreenathan indiar antropologoak eman zuen 2020an, 1990eko hamarkadan uhartean sentineldarrekin harreman laburra izan zuen taldeko kideak. Sentineldarrek kokoak biltzean liya eta luwa hitzak erabiltzen zituztela nabaritu zuen, eta jarawa hizkuntzako hitz konparagarrietan oinarrituta, «gertu» eta «urrun» esan nahi zutela ondorioztatu zuen. Beste hitz batzuk ere jaso zituen: məəŋə məəŋɖa, əc ale, ʈ/ɖaŋ, ɖaik, kayə, tu aɖe, pila eta iŋ.[5]
Ikus gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Elgeta, Jon. (2019-01-05). «Erreportajea: Indian isolaturik» Gara (kontsulta data: 2019-02-07).
- ↑ (Ingelesez) Moseley, Christopher. (2010). Atlas of the World’s Languages in Danger. (3. argitaraldia) Paris ISBN 9789231040962..
- ↑ Enumeration of Primitive Tribes in A&N Islands: A Challenge. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2014-12-11) (kontsulta data: 2019-02-07).
- ↑ (Ingelesez) Portman, M. V. (1990). A History Of Our Relations With The Andamanese. 2 New Delhi, Madras: Asian Educational Services, 758, 764 or. (kontsulta data: 2025-11-03).
- ↑ (Ingelesez) Sreenathan, M.; Devy, G. N. (2020). The Languages of Andaman and Nicobar Islands. , 33-34 or. ISBN 978-9390122301..