Carol Chomsky
| Carol Chomsky | |
|---|---|
| Bizitza | |
| Jaiotza | Filadelfia, 1930eko uztailaren 1a |
| Herrialdea | |
| Heriotza | Lexington, 2008ko abenduaren 19a (78 urte) |
| Heriotza modua | berezko heriotza: minbizia |
| Familia | |
| Ezkontidea(k) | Noam Chomsky (1949ko abenduaren 24a - 2008ko abenduaren 19a) |
| Seme-alabak | ikusi
|
| Hezkuntza | |
| Heziketa | Harvard Unibertsitatea Pennsylvaniako Unibertsitatea |
| Hizkuntzak | estatubatuar ingelesa ingelesa |
| Jarduerak | |
| Jarduerak | hizkuntzalaria, pedagogoa eta unibertsitateko irakaslea |
| Enplegatzailea(k) | Harvard Unibertsitatea |
Carol Chomsky, Carol Doris Schatz jaiotzez, (Filadelfia, AEB, 1930eko uztailaren 1a - Lexington, AEB, 2008ko abenduaren 19a) Estatu Batuetako hizkuntzalaria eta pedagogoa izan zen, haurren hizkuntza eskuratzean aditua.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehen urteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Carol Doris Schatz Filadelfian jaio zen 1930eko uztailaren 1ean.[1] 1949an Noam Chomskyrekin ezkondu zen. Carolek eta Noamek txikitatik elkar ezagutzen zuten, bost eta zazpi urte zituztenetik, hain zuzen. Garai hartan, Carolen amak irakasle gisa lan egiten zuen eskola hebrearreko zuzendaria Noamen aita zen.[2] Carolek frantseseko unibertsitate-gradua (Bachelor's degree[Oh 1]) lortu zuen Pennsylvaniako Unibertsitatean 1951n.[1]
Bikotea Israelgo HaZore'ara (Ereilea, hebreeraz) izeneko kibbutz batera joan zen bizitzera.[3] Carolek traktore-mekanikari edo gidari izateko gogoa, baina herrialdeko testuinguru soziala izan zuen kontra[4]: garai hartan, 1953an, «kibbutza ez zegoen benetan horrelako berrikuntza bat normaltasunez hartzeko prestaturik. Emakumeen eskubideen aldeko lehen kontzientziak piztu baino askoz lehenago izan zen», adierazi zuen Judith Chomskyk, Noamen anaia gaztearen emazteak.[2]
Ibilbide profesionala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Carolek Harvard Unibertsitatean hasi zituen bere ikasketak. Arrakasta akademikoa ziurtatu nahi zuen, bere senarra Vietnamgo gerraren aurkako oposizio aktiboagatik espetxeratuko zutelakoan.[1] Harvarden hizkuntzalaritzako doktoretza lortu zuen 1968an.
Carol Chomskyren lanik ezagunena The Acquement of Syntax in Children From 5 to 10 (Sintaxiaren jabekuntza 5-10 urteko haurrarengan) da, 1969an argitaratua. Saiakera horretan, Carol Chomskyk zehazten du haurrek nola garatzen duten beren ama-hizkuntzaren barneko gramatika-egituraren ulermena, adinarekin gero eta konplexuago bihurtzen diren hizkuntza-egiturak interpretatzeko erabiliko dutena. Garaiko zientzialariek haurrek sintaxiaren ulermen osoa bost urte inguruan lortzen dutela esaten zuten arren, Chomskyren lanek erakusten dute haurrek adin horretatik gorako hizkuntza-egitura konplexuak ulertzeko beharrezkoak diren gaitasunak garatzen jarraitzen dutela.[1]
Umeen irakurketa-gaitasunen garapenari buruzko bere lanen artean, 1970eko hamarkadan irakurketa errepikakorraren metodoa landu zuen: haurrak testu bat isilean irakurtzen duen bitartean, testu horren beraren audio-grabaketa bat entzuten du. Prozesua errepikatu egiten da, haurrak testua arin irakurri ahal izan arte, grabazioaren beharrik gabe. Ikerketek erakutsi zutenez, audio-grabaketa baten laguntzaz egindako lau irakurketa nahikoa lirateke, haur gehienentzat, irakurketan jariotasun handiagoa lortzeko. Teknika horrekin egindako 100 ikerketa baino gehiagoetan, gehienetan, hobekuntza nabarmenak gertatu ziren haurren irakurketa-abiaduran eta hitzen antzematean.[5]
Carol Chomskyk 1972tik 1997ra, Harvard Graduate School of Education[Oh 2] hezkuntza-eskolan irakatsi zuen.[1]
Heriotza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Minbiziak jota hil zen 2008ko abenduaren 19an, Lexingtongo bere etxean (Massachusetts), 78 urte zituela.[1]
Argitalpenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- The acquisition of syntax in children from 5 to 10, 1968[6]
- Imparare la sintassi : uno studio con bambini di scuola elementare, 1978
- M-ss-ng l-nks : young people's literature, 1982 (bideo-joko didaktikoa)[7]
- M-ss-ng l-nks : a game of letters and language, 1983 (bideo-joko didaktikoa)
- M-ss-ng l-nks : classics old and new, 1983 (bideo-joko didaktikoa)[8]
- M-ss-ng l-nks : microencyclopedia, 1984 (bideo-joko didaktikoa)[9]
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Estatu Batuetako lizentziaturak, normalean, lau urteko dedikazio osoko ikasketetan amaitzeko diseinatuta daude. Horrek esan nahi du, batez beste, asteko 15 ordu ematen direla lau hileko seihileko bakoitzeko, bi seihileko urteko, guztira zortzi seihileko eta 120 kreditu ordu, nahiz eta programa batzuek, hala nola ingeniaritzak edo arkitekturak, bost urteko iraupena izan dezaketen.
- ↑ School of education bat, Estatu Batuetan eta Kanadan, hezkuntzaren alorreko jakintzan diharduen unibertsitate baten barruko dibisio bat da. Hezkuntza gizarte-zientzien diziplinarteko adar gisa ulertzen da, eta soziologia, psikologia, hizkuntzalaritza, ekonomia, zientzia politikoak, politika publikoak, historia eta beste batzuk hartzen ditu barne. Diziplina horiek guztiak lehen hezkuntzan, bigarren hezkuntzan eta bigarren hezkuntzaren ondokoan aplikatzen dira.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, frantsesezko wikipediako «Carol Chomsky» artikulutik itzulia izan da, 2025-09-02 data duen 228638497 bertsioa oinarritzat hartuta. Sartze-datarik ez duten erreferentziak, edo 2025-09-02 baino lehenago datatuak, jatorrizko artikulutik ekarri dira itzulpenarekin batera.
- ↑ a b c d e f (Ingelesez) Fox, Magalit. (2008-12-20). «Carol Chomsky, 78, Linguist and Educator, Dies» The New York Times (kontsulta data: 2025-10-08).
- ↑ a b (Ingelesez) Marquard, Bryan. (2018-12-20). «Carol Chomsky; at 78; Harvard language professor was wife of MIT linguist» The Boston Globe (kontsulta data: 2025-10-08).
- ↑ (Ingelesez) Hadad, Shira; Chomsky, Noam (Elkarrizketatua). (2005-11-10). «Master Mind» Haaretz, (www.chomsky.info weborrian jasota) (kontsulta data: 2025-10-09).
- ↑ (Ingelesez) «The Way They Were (and Are)» The Pennsylvania Gazette 2001eko uztaila-abuztua (kontsulta data: 2025-10-09).
- ↑ (Ingelesez) Margalit Fox, « Carol Chomsky, 78, Linguist and Educator », The New York Times, 20 décembre 2008
- ↑ Chomsky, Carol. (1970-03-20). Acquisition of Syntax in Children from Five to Ten (Research Monograph). MIT Press ISBN 978-0-262-03033-5. (kontsulta data: 2025-10-09).
- ↑ M-ss-ng L-nks: Young People's Literature (woz-a-day collection). 2024-01-02 (kontsulta data: 2025-10-09).
- ↑ M-ss-ng L-nks: Classics Old and New (woz-a-day collection). 2023-12-31 (kontsulta data: 2025-10-09).
- ↑ M-ss-ng L-nks MicroEncyclopedia (1987 Revised Edition) (4am crack). 2016-02-24 (kontsulta data: 2025-10-09).